HAS/ZTAPENAK proiektua 2022. urtean sortu zen, UPV/EHUko Soziologia Graduko 4. mailako Gizarte eta Berrikuntza Aldaketa ikasgaiaren garapena kultura berrikuntzaren arloko praktikekin lotzeko, soziologiaren lan eremuari buruzko eztabaidak hedatu eta problematizatu ahal izatearren.
KSIgune Konexioak 2022/23 deialdian hautatutako proposamenetako bat izan zen HAS/ZTAPENAK, eta lankidetza du abiapuntu; hain zuzen ere, UPV/EHUko irakasle eta InnoKLab ikertaldeko kide diren Iñaki Martínez de Albeniz eta Asier Amezagaren, Euskadin kulturaren berrikuntza eta berrikuntzaren kultura sustatzeko Karraskan elkarte profesionalaren eta Cultumetría kulturaren arloko proiektu eta politikak ebaluatzen dituen erakundearen arteko lankidetza.
Proposamenaren bitartez, arlo sozialera hurbiltzeko beste esparru batzuk proposatu nahi ziren, baita egiteko beste modu batzuk ere, praktika soziologikoa diseinura eta esperimentaziora eramate aldera. Ikerketa mailan, tresna metodologikoak eta kontzeptualak kultur berrikuntzaren azterketan eta diseinuan probatzeko aukera ematen zuen proiektuak, baita balizko ikerketa eremuak mapeatzeko aukera ere.
Azkenik, izaera hibridoa, diziplinaz gaindikoa eta irekia duten eremuetako erakunde eta profesionalekin kontaktua eginez, ikasleei proiekzio irekiagoa eta pertsonalizatuagoa duten lanbide aukerak eskaintzea lortu nahi da, soziologiak jardun lezakeen beste eremu batzuk ikusgai jarrita.
Emaitzak: kulturan murgiltzea, soziologia diseinatzea
Proiektuan 49 ikaslek parte hartu dute, 3 lantaldetan antolatuta (euskaraz eta gaztelaniaz), eta KSIen sektoreko 3 erakunderekin batera: Garaion, Horman Poster eta Cocina de Guerrilla. Ikasgela baten hustuketarekin hasi zen dena; "COVID gela" izan zen pandemian eta, praktika honetarako, "14.a" deitu zioten. Ikasgela hustu ahala, ondoko biltegia bete zen, unibertsitateko prestakuntza lanaren euskarri diren "inertziak" eta "azpiegiturak" agerian utziz. Ikasgaia hiru erakunde horiekin batera garatu da, lankidetzan; izan ere, tresnak proposatu dituzte ikasleek ikasgelan lantzen diren kontzeptuak eta eztabaidak hedatzeko ekitaldi bat diseinatzeko erronkari erantzun diezaioten, eta gizartetzat hartzen dugun hori problematizatu ahal izateko.
Ekitaldia abenduaren 16an izan zen, Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean. Taldeetako bakoitzak jarduera bat antolatu zuen leku batean. Lehenengo taldeak problematizazioen ate bat eraiki zuen, eta bertatik igarotzen ziren pertsonei beren problematikak partekatzeko aukera ematen zieten. Bigarrenak Santo Tomas de Aquí-No eguna asmatu zuen, eta astebete geroago Bilbon eta Donostian izango zen feriako elementu asko lekualdatu zituzten. Hirugarren taldeak aurretiaz hustutako "14.a" gela hartu zuen oinarri, eta diseinatzeko prozesuan bizi izandako bizipen asko azaleratzen zituen eszenaratzea proposatu zuten. Jarduera horiek guztiak bideo batean jaso ziren: Kulturan murgildu, soziologia diseinatu, eta inplikatutako eragileen balorazioa ere biltzen da bertan.
UPV/EHUko irakasleen hitzetan: “Kultur berrikuntzak erakutsi du ikasgelaren ikusmolde klasikoa eraldatzeko tresna bat dela, eta horrek talka eta harreman deserosoak, baina biziki emankorrak, eragin ditu bai ikasleen artean, bai erakundeen eta irakasleen artean, eta irakaslanak ez ezik, unibertsitateak beste erakunde batzuekin duen harremana ere zalantzan jarri eta hedatu ahal izan da.”
HAS/ZTAPENAK proiektuak 2023/24 ikasturtean jarraipena izango duelakoan gaude, aurreko ikasturtean arrakasta handia izan baitzuen euskarazko eta gaztelaniazko graduko ikasleen eta kultur eta sormen industrien sektoreko erakundeen arteko konexioak. Horretarako, aurreko ikasturtean parte hartu zuten erakundeez gain, unibertsitateko eta sektoreko eragile gehiago inplikatzen saiatuko gara.
Informazio gehiago
“Kulturan murgildu, soziologia diseinatu” bideoa UPV/EHUren youtube-ko kanalean dago ikusgai.
KSIgune Konexioak 2023/24 deialdia zabalik dago, urriaren 27ra arte.
Albisteak, lotutako berriak
-
KSIgunek 10 proiektu berri babestuko ditu Konexioen deialdiaren esparruan
ksiGuneGoi Mailako eta Unibertsitateko Hezkuntzaren eta Euskadiko kultura eta sormen sektoreen arteko transferentziak hazten jarraitzen du, 10 ikastegi eta/edo ikerketa zentroren, 9 entitateren eta 13…
-
Ikus-entzunezkoaren euroeskualdeko ekosistema eratuz
ksiGuneEuroregional Green Audiovisual Hub guneak Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroaren ordezkaritzak bildu ditu Angoulêmen, hiru lurraldeen arteko lankidetza bideak irekitzeko lehen topaketan.
-
Ruth Mayoral: “Euroeskualdeko Ikus-entzunezko ekosistemaren erronka jakin batzuen aurrean erantzun bakarra emateko gai izan nahi dugu”
ksiGuneEuskampus Fundazioko Goi Mailako Hezkuntza Programen arduradun eta KSIguneko arduradun operatibo Ruth Mayoralek Euskadin, Nafarroan eta Akitania Berrian ikus-entzunezkoen sektorea bultzatu nahi duen…