Partekatu

Klusterraren ideiatik eta ideia horrek Euskadiko industrian duen tradizio handitik abiatuta, KSIgune Klusterraren berezitasun nagusia da fakultateak eta eskolak biltzen dituela, ez enpresak. Zehazki biltzen ditu kulturarekin, arteekin eta sormen diziplinekin zerikusia duten euskal unibertsitateko eta goi mailako ikastegiak.

Proiektua sortu zen Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren ekimenetik, helburu bikoitzarekin: alde batetik, unibertsitatearen eta enpresaren artean alor honetan dagoen arrakala txikitzea; bestetik, ikastegien arteko elkarlana bultzatzea, bilakaeran jarrai dezan Euskadiko Goi Mailako eta Unibertsitateko Hezkuntzak. Euskampus Fundazioak proiektua sortu ondoren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailen aliantzaren bitartez, KSIgune sortu zen 2021ean: Kultura eta Sormen Industrientzako Goi Mailako Hezkuntza eta Ikerketa Klusterra.

KSIgunek biltzen ditu 27 fakultate eta eskola, eta ikastegi horiek dituzte 280 prestakuntza programa baino gehiago eta industria hauei (KSI) loturiko 70 ikertalde, institutu eta katedra baino gehiago. Hiru urte hauetan, laguntza eman die ikasleek eta ikertzaileek garatutako unibertsitateen eta enpresen arteko 40 lankidetza proiekturi baino gehiagori. Bere ezaugarri bereziei, kudeaketa formulari eta denbora laburrean lortu dituen emaitzei gehitu behar zaie nazioartean duen posizionamendu gero eta sendoagoa, eta horregatik hartu du Europako Batzordeak Regional Skills Partnershiperedutzat, lehena Kultura eta Sormen Industrietan.

KSIgunen martxan dauden programak albo batera utzi gabe, dagoeneko hasi gara aztertzen gure ikastegien eta KSIen arteko beste elkarlan modu batzuk, batez ere prestakuntza modu berri bat sortzeari dagokionez, erantzuteko bai industria hauetako batzuen bilakaerari, bai beste goi mailako eta unibertsitate hezkuntza mota batzuk bilatzeari (duala, bizitzan zehar, mikrokredentzialak, nazioartekoa, etab.). Halaber, Euskaditik irteten hasi gara, gure eredua zabaltzeko Euroeskualdeko beste lurraldeetara (Nafarroa eta Akitania Berria), Euroregional Green Audiovisual Hub egitasmoaren bitartez.

KSIgunen zereginak badu bere zailtasuna. Arte Eszenikoetatik edo Ondaretik hasita, Arkitektura edo Diseinuraino, KSIak oso sektore desberdinek osatzen dituzte, tematikari, garapen mailari eta baita DNAri berari dagokienez ere. Kultura sektoreek, arteek eta sormen sektoreek Akademian duten isla konplexutasun horren erakusgarri da, baina Akademia ezinbestekoa da, eta, zorionez, erantzunaren parte. Soilik Hezkuntza kontuan hartuz lortuko dugu egiazki erantzutea gure gizartean garrantzitsuak diren erronkei. Desafioa handia da, baina baita urrats bat aurrera egiteko dugun aukera ere.

 

---

Iritzia: Ruth Mayoral, Euskampus Fundazioaren Goi Mailako Hezkuntza Programen arduraduna
Estrategia Empresarial aldizkaria
2024/12/16

---

Irudia: John Jennings

---

Informazio gehiago

Gure lanari buruz gehiago jakiteko, jarri harremanetan gurekin

Albisteak, lotutako berriak