Partekatu

Klara Ceberio, Elhuyarrekoa, eta Elizabete Manterola, UPV/EHUko Letren Fakultateko Tralima-itzulik Ikerketa Taldekoa, KSIgune Konexioak 2023/24 deialdiak finantzatutako proiektuaz ari zaizkigu. Proiektu horren bidez, Hizkuntzaren Industrien arlotik gizarte bidezkoagoak garatzen lagunduko dute.

KSIgune: Zuen proiektuak itzulpen automatikoak hizkuntza-kalitatean duen eraginean jartzen du arreta, zehazki, sistema horiek sortzen duten genero-alborapenean. Zuen ustez, zein da arazo horren dimentsioa edo garrantzia gaur egun?

Klara Ceberio / Elizabete Manterola: Adimen artifizialaren aro betean gaude, eta aro honetan azken urteetan ikaragarri aurreratu duen teknologietako bat da itzultzaile automatikoa. Teknologia horren erabilera asko zabaldu da gizartean eta erabilera areagotzen ari den heinean, kezka-iturri bihurtu da itzultzaile automatikoek ematen dituzten emaitzen kalitatea ere. Genero-alborapena arazo ezaguna da itzultzaile automatikoen alorrean. Tresna horiek adibideetatik ikasten dutenez, algoritmoek testuetan dauden alborapen eta estereotipoak ikasten eta errepikatzen dituzte eta, ondorioz, horiek testuetan betikotzeko arriskua dago. Arazo hori are nabarmenagoa da genero gramatikalik ez duten hizkuntzetatik itzultzean, adibidez, euskaratik gaztelaniarako noranzkoan.

Adimen artifizialeko sistemen alborapenen  inguruko kezka oso zabaldua dago ikerkuntza-komunitatean, batez ere, teknologia alorrekoan; horien artean aipatzekoa da Corral eta Saralegiren (2022) lana, bereziki, generorik gabeko hizkuntzentzat baliagarria den teknika berritzaile bat ikertu eta garatu baitute itzulpen automatikoan genero-alborapenak murrizteko.

 

KSIgune: Arazo horri erantzuteko, euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen automatikoaren emaitzetan gertatzen den genero-alborapena aztertzea planteatzen duzue. Nola bideratzen duzue erronka hau zuen proiektuan?

Klara Ceberio / Elizabete Manterola: Genero-alborapenaren gaia aztertzeko irizpideak ezartzen ari gara, eta, itzulpen automatikoa erabiliz itzultzen diren testuen itzulpenak aztertuko ditugu.

Horretarako, testu-aniztasuna bermatzeko asmoz, hainbat arlotako testuak hartu ditugu. Batetik, literatura-arloan eta narratiba-generoko testu-laginak hautatu ditugu; bestetik, kazetaritza-arloan, Berriako testuetara jo dugu, eta, azkenik, zientzia-dibulgazioko testuak ere kontuan hartu ditugu, itzultzaile automatikoak horietan denetan nola jokatzen duen aztertzeko.

Genero-alborapenarekin zerikusia duten adibide problematikoak modu eraginkorrean aztertu eta ebaluatzeko, normalean, estereotipo femenino eta maskulinoekin erlazionatu daitezkeen hitz-zerrendetan jarri dugu abiapuntua. Esaterako, badira adjektibo batzuk estereotipo femeninoekin lotu ohi direnak (eder, polit…), eta, aldiz, maskulinoekin lotu ohi diren beste batzuk ere badaude (indartsu, ausart…).

Lanbideekin ere antzeko zerbait gertatzen da,  tradizioz gizonezkoak eta emakumezkoak aritu izan diren ogibideak berrikustea dugu helburu, adibidez, gizonezkoekin lotu ohi direnak: mekanikariak, enpresariak, zirujauak… ; eta emakumezkoekin erlazionatu izan direnak: idazkariak, garbitzaileak, zaintzaileak, erizainak…

Zerrenda horietako hitzen agerpenak itzultzaile automatikoak nola ematen dituen aztertzen ari gara eta emaitza horien balorazioa egin ondoren, etorkizun batean itzulpen automatikoko sistemak hobetzeko lagungarri izango delakoan.

 

KSIgune: Zuen ikerketak zer emaitza izatea espero duzue, Hizkuntzaren Industrien sektoretik lantzen dituzuen erronka sozial eta teknologiko-digitalei erantzuteko?

Klara Ceberio / Elizabete Manterola: Ikerketa honetan lortzen ditugun emaitzek balioko dute etorkizunean adimen artifizialean oinarritutako teknologiak garatzean genero-alborapena kontuan hartzeko eta algoritmo berdinzaleagoak garatzeko. 

Gainera, orain arteko ikerketa gehientsuenak teknologiaren ikuspuntutik egin izan dira eta gai hau hizkuntzaren ikuspegitik ikertzea ezinbestekoa ikusi genuen, emaitzak hobetzeko oso beharrezkotzat jotzen baitugu hizkuntzaren azterketa sakonago bat egitea.

 

KSIgune: Proiektu honetan 7 ikertzailek hartuko duzue parte: 6 emakumezkok eta gizonezko batek. Zein elementu bereizgarri dakarzkio proiektuari nagusiki femeninoa den begirada horrek?

Klara Ceberio / Elizabete Manterola: Argi dago, begiraden aniztasunak aberasten duela proiektu hau, ez bakarrik lantalde nagusiki femeninoa izateagatik, baizik eta unibertsitatea eta enpresaren arteko bidea jorratzeko aukera eman digulako, eta, aldi berean,  ikuspuntu desberdinak nahastekoa: hizkuntzarekin lotutako ikerketena, eta teknologiena. Enpresan, Elhuyarren sortutako eta gizartearen eskura jarritako teknologiak eta baliabideak erabiltzen ari gara hizkuntzarekin lotutako ikerketa egiteko.

 

KSIgune: Zuen ustez, zer ekarriko dizue KSIgune Konexioak programaren parte izateak? Nola ulertzen duzue jarrai dezakegula, komunitate gisa, KSIen esparruan emakume ikertzaileen lana balioesten?

Klara Ceberio / Elizabete Manterola: KSIgune Konexioak programaren parte izateak industriarekin eta unibertsitatearekin elkarlanean aritzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Unibertsitatea eta Elhuyar bezalako erakundeen arteko lankidetza ezinbestekotzat jotzen dugu ikerketan eta garapenean aurrera egiteko. Kasu honetan, gainera, tradizioz, femeninoak eta maskulinoak izan diren bi ikasketa-arlo uztartzeko aukera izan dugu, izan ere, itzulpengintza arloko ezagutza baliatu dugu adimen artifizialean oinarritutako teknologiaren emaitzak aztertzeko.

Hizkuntzaren ikuspegitik lanketa eginez, nolabait ere, berdintasuneranzko bideari garrantzia eman nahi izan diogu, unibertsitatean eskuratutako jakintza eta ikerketa erabilera errealean aplikatuz.

Azkenik, proiektu honek lagundu digu diziplina askotariko lantaldea eratzen, bestelako inguruneetan sustatzen ez den proiektu-mota hau aurrera eramateko.

 

Informazio gehiago

KSIgune Konexioak 2023/24 deaildiaren proiektu guztiak ezagutzeko Konexioak atalera jo.

 

Albisteak, lotutako berriak